XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikus dezakezunez, bada, modu asko dago idazlanak egokiro hasteko.

Ez da erraza, dudarik gabe, baina argi dago honelako sarrerek malguago, atseginago bihur dezaketela idazlana eta, nola ez, irakurlearen jarrera eta arreta bideratu.

Beraz azalduriko sarrera edo hasiera motak bilduz, honako aukera nagusiak dituzu: - Aipamen bidezkoa.

- Eritzi pertsonal edo orokorra.

- Gertaera edo pasadizo bat.

- Istorio sinboliko bat.

GARAPENA

Hasiera buruturik duzula, gidoiari jarraituz garatu behar duzu idazlana, ideia nagusi bakoitzari paragrafo bat eskainiz.

Hauetako bakoitzean nagusiarekiko ideia multzo bat bilduko duzu, luzera finkorik gabe.

Paragrafoak antolatzean bi alderdi izan behar dituzu kontutan, batik bat: batetik, ongi bereizi behar direla bata bestetik, paragrafotik paragrafora lerrotik lerrora uzten duzun tartea baino handitxoagoa utziz; bestetik, eta garrantzizkoena, bata besteari loturik antolatu behar dituzu, eten bortitzik gabe.

Funtsezkoa da alderdi hau.

Izan ere, paragrafoetako edukinak aurrekoekin eta ondokoekin erlazioan ez badaude, lotura logikorik gertatzen ez bada, burutapen solteen bilduma itxura har dezake.

Edukinen loturaz gain, formazkoa ere komenigarria da, behar denean beraz, bada, horrela eta antzeko partikula ilatiboak erabiliz paragrafoen hasieran.

AMAIERA

Idazlanaren amaierak ere berebiziko garrantzia du.

Ondo bukatzeak irakurlearen oneritzia eta atsegina lortu ezezik, lanaren goi maila ere nabarmentzen du, lanaren eite landua.

Amaierak egokia behar du izan, beraz, eta hau zehaztea zaila bada ere, bai finka daiteke, ordea, zeintzuk ez diren amaiera egokiak.

Ez dira egokiak azaldurikoa berriz errepikatuz egiten direnak, ezta garatutakoa biribildu gabe uzten dutenak ere, idazlanari zerbait faltatuko balitzaio bezala.

Amaierak, orohar, loturaren bat izan behar du hasierarekin errepikapenik gabe eta idazlan osoarekiko zerbait berria eskaini behar du.

Dena dela, sarrerarako bezala, zenbait adibide jarriko dugu.